XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

edonon eta edonoiz sartuak zaizkigu poxpoliñak.

Zertara datorren purrustada?

Euskararen Kontseiluaren zorioneko eta asetzeraino errepikakor gertatu den kanpainaren barruan Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, ekitaldia egin zuten ikasleek otsailean.

Kanpuseko gela handiena betetzea zen erronka, halako Sadar txiki bat egin, eta lortu zuten alajaina.

Milatik gora lagun bildu ziren bakar bakarrik esateko haiek ere euskaraz ikasteko eskubidea errebindikatu nahi dutela.

Ondo. Primeran. Iragarria zegoen ere ekitaldi txikiren bat, zeozer kulturala antza... baina hara non dantzari taldea atera zen oholtza gainera, txalo zaparradaren artean.

Ezin sinistuz nengoen, eta min egin zidan, pailazoak ikusi izan banitu bezala.

Errespetu falta eta guzti iruditu zitzaidan.

Ni, dudatan banintz, hantxe bertan bihurtuko nintzen erdarazale porrokatua.

Unibertsitateko ikasleak eta ezin asmatu itxurazko ekitaldirik!

Ez dut uste manifestu originala irakurri beharko zutenik, edo, nik zer dakit, ohiko pankarten ordez lemaz betetako lorepotoz bete beharko zutenik kanpusa. Ez.

Eginak dituzte jada manifestuak, badira poesiak eta testuak, eta idazlanak.

Badira mila protesta modu, mila aldarrikapen egiteko bideak. Hemen ez. Hemen, dantzariak.

Jendeak ez zuen txintik esan, eta txalotu egin zituen eta guzti arin-arina bukatu zutenean.

Gero etorri ziren, nola ez, txalaparta mistikoa eta bertsolari txarra.

Zeharo haserretuta atera nintzen.

Sakrilegio iruditu zitzaidan ia.

Hori egiteko hobe ezer egin ez balute.

Hori egiten zuten jada Kanpion eta Abbadiak joan den mendean.

Ez dugu asmatzen.

Nahi den tokitik entzuten da, etengabe, tradizioari, erroei eta historiari begiratu gabe ezin dugula herri izan, ohartu gabe aurrera begiratzen duena antzinatzen dela, herria garatzen eta sortzen.

Baina ze gutxi diren gure artean egoera sozial eta intelektual berriak proposatzen dituztenak!

Ze eskasa gure aportazioa!

Ramon Saizarbitoria eta bere nobela zoragarriak hor daude, bai; Kepa Junkera edo Juan Carlos Perez, plastikoak... baina horiek arraro samarrak dira. Horiek, moddernoak.